MODULUA - BESTEAK ETA NI ... GERTU ETA URRUTI (I)

Lehen saioan, ideologia aniztasuna landu dugu nagusiki. Horretarako, iritzi aniztasunaren aurrean azaltzen diren tolerantzia, errespetua eta enpatia bezalako baloreen inguruan hitz egin dugu, ariketa desberdinen bidez, kontzeptu horien desberdintasunak ikusi, eta besteen azalean jartzeko gure gaitasuna eta desberdintasunekiko gure jarrerak nolakoak diren aztertzeko aukera izan dugularik.

Lehenik eta behin, goian aipatutako 3 hitzen definizioen inguruan hitz egin dugu, iturri edo hiztegi desberdinetan eskaintzen diren definizioak aztertu ditugun heinean. Behin hori eginda, gure burua jarrera horiekiko nola ikusten dugun azaltzeko unea etorri da. Askotan 3  hitz horiek desberdintzeko zailtasunak aurkitzen ditugu, hori dela eta, gure jarrerak hobeto ulertzeko ere balio izan duela uste dugu, norbere jarrerez hausnartzeko jarduera interesgarria izan da. 

Jarraian, gizartean pil-pilean daukagun ertzainen eta gazteen arteko gatazkari helduta, bi ideologia desberdinen arteko gatazkaren inguruan hitz egin dugu, horri konponbidea aurkitu nahian. Gainera, alderdi bakoitzak berearen alde egitean askotan bestea zapaltzen duela ere ikusi dugu, gertakizun berbera kontatzeko bi ikuspegi oso desberdin egon daitezkeelarik. Kolektibo batek bestearengan ager dezakeen errespetu eta tolerantzia ezaz ere jardun dugu. Nahiz eta agian, adibidea polemikoa izan zitekeen, lanketa interesgarria izan da, gatazkak gure egunerokotasunean, nahiz eta maila desberdinetan izan, oso presente daudelako. Hauek konpontzeko beharrezko errespetua eta enpatia azpimarratzea ere garrantzitsua izan da. 

Hurrengo jarduerarako, 30 pertsona oso desberdinen artean bi aukeratu behar genituen, bata, harekin kafe bat hartuko genukeena eta bestea, guztiz alderantzizkoa, kaferik hartuko ez genukeena. Aukeraketa horren zergatiak azalduz, noski. Kuriosoa izan da, gelakideon gehiengoak, gure izaera edo ideologiatik oso aldenduta dagoen pertsona bat aukeratu dugula harekin inoiz kaferik ez hartzekotan. Aldiz, pare bat pertsonak, haiekin kafe bat hartuko lukete, berarekin hitz egin, eztabaidatu eta agian aldaketaren bat emateko asmotan. Hasieran, oso ariketa sinplea bazirudien ere, emaitzak alderatzen hasitakoan asko aldatu da gure iritzia. Honen bidez, askotan bestea ulertzen saiatzeko esfortzu handirik ez dugula egiten ikusi da eta hori interesgarria izan da. 

Amaitzeko, hasieran egindako ariketa bat errepikatu dugu, gure burua zenbateraino tolerante eta enpatiko ikusten dugun aztertuz. Hasieran ateratako emaitzekin alderatuz, gure pertzepzioa orokorrean nahiko antzekoa izan bada ere, apur bat negatiborantzago jo duela ikusi dugu. Gure burua pertsona enpatiko, tolerante eta errespetuzkotzat geneukan orokorrean, baina uste gabeko hainbat jarreren bidez hori ez dugula guztiz betetzen ohartzeko balio izan du.  

Honenbestez, orokorrean gure jarrerez pertzeptzio postiboa daukagula esan genezake, nahiz eta saio honetan egindako hainbat jarduera, lanketa eta hausnarketen bidez, egoera guztietan, modu inkontzientean bada ere, ez dugula berdin jokatzen ikusi dugun. Honen aurrean, txikitatik ikasgeletan alderdi hauek lantzea beharrezkoa dela uste dugu, bizitzan nahitaez suertatuko zaizkigun gatazkei modu eraginkor eta osasuntsu batean aurre egiteko. Bestalde, ezinbestekoa iruditzen zaigu guztiok alderdi eta jarrera hauen inguruko autokritika bat egitea, gure buruaren eta inguruko pertsonen ongizaterako.





Iruzkinak

Mezu ezagunak