MODULUA - BESTEAK ETA NI ... GERTU ETA URRUTI (II)
Bigarren saio honetan, jatorri aniztasuna landu dugu. Horretarako,
inmigrante eta emigrante kontzeptuen inguruan hitz egin ondoren, gure
aurreiritziez jabetzeko aukera izan dugu, gizartean edota hainbat
ikus-entzunezkotan hauek irudikatzeko dagoen modu edo konnotazioa aztertu
dugularik.
Lehenik eta behin, gure aurrezagutzetatik abiatuta emigrante eta inmigrante hitzen definizioa eman ondoren, burura datorkigun inmigrante baten lehen adibidearen inguruan aritu gara, zenbait ezaugarri zehaztuz. Gure aurreiritzi gehienek bat egin dutela ikusi dugu, inmigrante hitza erabiltzean, gerran dagoen edo txiroa den herrialde batetik datorren azal beltzeko gizon bat irudikatu baitugu. Modu honetan, gizartean errotuta dauden hainbat ideia berretsi ditugu, oso zabala den kolektibo bat izangatik ere, ezaugarri zehatz batzuetara mugatzen dugularik.
Jarraian, bi hitz horien berezko definizioak aztertu ditugu, hainbat iturri desberdinetan esaten dena kontuan hartu dugularik. Honen bidez, gizarteak mugatzen duen kolektiboari perspektiba zabalagoa jarri diogu, izan ere, inmigrante adibide mordo bat egon daitezkeen arren, guztiok adibide berdintsua irudikatu baitugu. Inmigrante hitza urrutitik datozten pertsonekin lotzen da askotan, baina ariketa honek, estatu mailan edo herri mailan ere inmigrante izan zaitezkela pentsarazi dugu.
Ondoren, Italiako haur batzuekin egindako ikerketa baten inguruko bideo bat ikusi dugu. Ikerketa hau, “Doll Test” izenekoa, Italian egon den etorkin kopuruaren handitzearekin batera egin zen. 2016an errepikatutako esperimentu hau Estatu Batuetan egin zen lehen aldiz 40ko hamarkadan. Haur arrazializatuak hartzen dira lagin bezala, eta bi panpin jartzen zaizkie mahai gainean, bata txuria eta bestea beltza. Gero, ikertzaileak “Zein da panpin ona eta zein txarra?”, “Zein da panpin polita eta zein itxusia?” bezalako galderak egiten dizkie haurrei. Galdera hauen aurrean, Estatu Batuetan egindako esperimentuan, haur arrazializatu hauek kontziente dira galdera horiek haien koloreagatik egiten zaizkiela, eta gutxietsita sentitzean, batzuk negarrez hasten dira. Italian duela oso gutxi egindako esperimentuan emaitza oso antzekoak atera ziren, haur gehienek, ezaugarri positiboetan panpin txuria aukeratu zuten, eta beltza negatiboetan. Nabarmentzekoa iruditu zaigu bi aldietan emaitza berdintsuak izatea bi esperimentu hauen artean urte asko pasa eta teorian gizartea asko aldatu den arren. Honekin esan nahi dugu 2016an esperimentuko emaitzak ikusita bide luzea dugula egiteko kultura aniztasunari begira.
Behin hori eginda, pelikula arrazistetako zati batzuez osatutako bideoa ikusi eta aztertu dugu eta ondoren, gure adibide propioak aurkitzen saiatu gara talde txikitan. Hainbat pelikula edo telesailen inguruan hitz egin dugu, pertsona inmigranteak irudikatzerakoan gehienetan patroi berbera erabiltzen dutela ohartuz. Hori dela eta, modu inkontzientean, inmigrante bat “nolakoa den” barneratzen dugu eta horregatik irudikatu dugu gehienok adibide berbera aurrez eginiko ariketan. Interesgarria izan da hainbat adibide berri ezagutzea, batzuk oso ezagunak baitziren, baina beste hainbat agian ezkutuagoan igarotzen direla uste baitugu.
Klasea amaitzeko, jolas edo esperimentu moduko bat egin genuen. Denak zutik jarri eta irakasleak egindako galderaren erantzunarekin identifikatuta sentitzen baginen, aulkian eseri behar genuen. Hasteko, gaur egun jaio ginen herri berdinean bizi ote garen galdetu zigun eta ondoren, ea gure guraso edota aiton-amonen herri berdinean bizi ote ginen. Hemen, gehienak guren arbasoen herri berean bizi ez garela ikusi genuen, beraz, hein batean, gu ere migrante ginela pentsarazi zigun. Lehen esan bezala, migrante hitzekin, urrutiko zerbait dela pentsatzen badugu ere, ariketa hau interesgarria izan da, gure buruak ere migrante izan daitezkeela ohartu baikara.
Honenbestez, orokorrean gizartean dagoen migranteekiko pertzepzioaz jabetzeko lagungarria izan zaigu. Nahi gabe izanda ere, ikus-entzunezkoek duten indarraz ohartu eta ondorioz, modu inkontzientean gure buruan eraikitzen diren aurreiritziak ezagutu ditugu. Saio honek beraz, migranteen inguruan genituen ideiak desikasten lagundu digu.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina