MODULU LANAREN AZKEN POSTA
Iritsi da laugarren moduluko lan honi amaiera emateko unea. Azken hilabetetan buru-belarri aritu gara aniztasunaren inguruko lanketak egiten eta horretarako, gai ezberdinetan jarduten duten hainbat pertsona eta elkarteren laguntza izan dugu. Honek guztiak aniztasunaren inguruko pertzeptzioa zabaltzen lagundu digu.
Ibilbide honi hasiera emateko, Ipuinen Lanketa egin genuen gelan. Saio hauetan, aniztasunaren inguruko ipuin ezberdinak ezagutu eta partekatu genituen. Ipuin hauek denek aniztasuna ardatz zuten arren, oso ezberdinak ziren elkarren artean, denek, aniztasunaren alderdi ezberdinak lantzen baitzituzten. Lanketa honek gure narratiban isla zuzena du, gure ideia nagusia hemendik atera baita.
Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagutza ikasgaian hainbat hausnarketa burutu ditugu, gai ezberdinen eta aniztasunaren arlo ezberdinen inguruko lanketak eginez. Hasiera batean, ideologia aniztasuna landu genuen, tolerantzia, errespetua eta besteen azalean jartzeko enpatia gaitasuna landuz. Horretarako, gaur egun gizartean pil-pilean dagoen gatazka baten azalean jarri eta bi taldeen alde on eta txarrak adierazi genituen. Gure burua pertsona enpatiko, tolerante eta errespetuzkotzat geneukan orokorrean, baina uste gabeko hainbat jarreren bidez hori ez dugula guztiz betetzen ohartzeko balio izan zigun. Jatorri eta kultura aniztasuna ere landu genuen ondoren, horretarako, migrazioa bezalako gaiak landuz. Ikerketa ezberdinak ikusi genituen arrazakeriaren inguruan eta jolas moduko bat ere egin genuen, migrazioaren gaiak gure bizitza propioetan izan duen eragina ikusteko. Bukatzeko, kultura aniztasuna lantzeko, munduko hainbat kulturen inguruan gehiago sakontzeko aukera izan genuen, hain ohikoa eta aldi berean hain egokia ez den karta jolas baten bidez.
Beste batean, Kike Amonarriz soziolinguista tolosarraren bisita izan genuen. Honek aipamen berezia egin zion gure hizkuntzari eta bere egoerari, hezkuntzak dituen helburu eta betebeharrak azalduz. Kikeren hitzaldiak euskararen egoeraren berri eman zigun eta bere komunikatzeko erak, esaten duena zuzenean barneratzen laguntzen du. Hortaz, hitzaldi honek gure euskararekiko kontzientzia areagotzen lagundu du.
Ondoren, Begisare elkarteko hiru kideren eskutik, Erretinosi Pigmentarioa duten pertsonen errealitatea hobeto ezagutzeko aukera izan genuen Eskola Inklusiboa ikasgaiaren barruan. Nagusiki, Erretinosi Pigmentarioaren inguruko hitzaldia bazen ere, honen bidez, gure ingurua pertsona guztientzat irisgarria ez dela ohartu ginen. Izan ere, hitzaldiaren ondoren, haien azalean jartzeko aukera izan genuen betaurreko batzuen bidez. Hauek jantzita, fakultatean zehar ibili ginen egunerokotasunean egiten ditugun ibilbideak eta gauzak eginez. Hau egin ondoren, argiago geratu zitzaigun gure ingurunea denentzat diseinatua ez dagoela.
Egia da, orokorrean, egindako lanketa denetan gizarte ikuspegi batetik aritu garela solasean, baina aurrez aipatutako ikasgaian, gaiari buelta bat eman eta hezkuntza alorrari dagozkien hainbat ideien inguruan hitz egin dugu. Gure gradua hezkuntza gradu bat da, beraz, aniztasunak gure ikasgeletan duen tratuaren inguruan hitz egitea ere beharrezkoa deritzogu. Garai bateko eta gaur egungo egoera alderatuta aurrera pausu handiak egin direla ikusi dugu, baina, oraindik ere, egokitu edo hobetu daitezken beste hainbeste gai badaudela ere ohartu gara.
Aurrerago, UNRWA elkarteko kideekin ere saio bat partekatzeko aukera izan genuen. UNRWA, Ekialde Hurbileko palestinar iheslariei laguntzeko Nazio Batuen agentzia da. Hitzaldi honetan, Palestina eta palestinarren inguruan asko ikasi genuen, beraien egoera eta bizimoduaren berri jakin genuelarik eta buruan genituen ideia gehienak deseraiki genituelarik. Hizlarietako bat gainera palestinarra zen, errealitate hura gertu-gertutik bizi izan du eta bere ahotik istorioak lehen pertsonan entzutea errealitate kolpe bat izan zela esan dezakegu. Beraien jatorritik ihes egin behar izateaz gain, hona etorri eta inguruak gauzak zailtzen dizkietela entzuteak hausnartzera eraman gintuen.
Ikertze Kultur Elkarteko kideen eskutik jaso genuen lana osatzeko lagungarria zitzaigun azken hitzaldia. Hauek eskainitako bi saioetan, gure etorkizuneko lanerako baliagarriak izango zaizkigun hainbat teknika eta azalpen eskuratu ditugu. Oso interesgarria izan da lauhileko osoan zehar aniztasunaren alor desberdinak lantzen ibiltzea, baina, benetan beharrezkoa iruditu zaigu gero lanketa hauek guztiak haurrekin egiteko hainbat gomendio eta jarraibideren berri izatea. Azken finean, gure lanbidean zehar haurrekin egingo dugu lan eta horrelako lanketa garrantzitsuak modu egokian gauzatzea beharrezkoa dela iruiditzen zaigu, haurrak txikitatik aniztasunean normaltasunez eta errespetuz hazi eta hezteko.
Moduloko lanak ere aniztasuna izan du ardatz, hasieran, hain abstraktua zitzaigun kontzeptu hau aletu eta garatzeko izan ditugun hitzaldi eta saio guzti hauek baliatuz. Saio hauek hain gai desberdinak izanik, gure ikuspegia asko zabaldu da eta aniztasuna nonahi eta nolanahi aurki daitekeela ikusi dugu.
Nahiz eta hainbeste gai desberdin landu, gure azken emaitzan ez da esparru zehatz bat lantzen. Nahiago izan dugu aniztasuna modu irekian adierazi, pertsona bakoitzak honekiko norberaren ikuspegia sortzeko eta baita aniztasuna bezalako kontzeptu potolo bat irudikatzen ausartzen ez ginelako ere.
Azkenik, gure graduan aniztasuna lantzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Izan ere, gu izango gara etorkizuneko gizartea osatuko duten pertsonak eraikitzeko eredu garrantzitsuenetariko bat eta hasieratik pertsona tolerante, enpatiko eta kontzienteak heztea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Horretarako, irakasle prestatuak behar dira.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina